2019/10/06

UDARI AGUR ESAN ETA UDAZKENEKO PLANAK EGITEKO GOGOZ?


Mendiko botei hautsa kentzeko prest? Bada, gorde urriaren 27ko data agendan, badator Berangoko XXVII. Ibilaldi Neurtua!

Urtero bezala, gure herriko mugak zeharkatu eta egunpasa ederra egingo dugu. Egitarauak ez du aldaketa handirik izango:mendi-buelta, herri-bazkaria eta giroa pilotakuan, ez dugu gehiagorik behar!

Nagusien izen emateak goizeko 08:15ean hasiko dira, martxaren egunean bertan, Sei Herri tabernan. Irteera 09:00etan izango da, beraz, gosaltzeko tarterik izango duzue (kafesne beroa eta pintxoak egongo dira). Txikien kasuan, irteera 09:00etan izango da, eta irteera 09:30ean.

Ibilbidea betikoa izango da: nagusiek 16 kilometro egin beharko dituzte (bai, Kurtze eta Azkorriko zatia ere egin beharko da, kontuz tranpekin!), eta txikien kasuan, 8 kilometro. Ibilbidea amaitzerakoan dutxatzeko aukera egongo da frontoian.

13:00etan poteo girotua egongo da Sei Herritik abiatuta, eta bazkaria 15:00etan izango da (txartelak 10 euroan erosi ahalko dira). Txikien kasuan, bazkaria 14:00etan egingo da, eta ordubete beranduago animaziozko pelikula bat ikusteko aukera izango dute Berangoeta Kultur Etxean.

Eta, noski, garrantzitsuena: sariak 17:30ean banatuko dira, frontoian bertan.

Sei Herri Kultur Elkartearen partez, eskerrik beroenak ekimen hau posible egiten duten herriko elkarte eta denda guztiei. Eskerrik asko bihotzez!

Animatu eta parte hartu! Euskal presoak etxera!

No hay comentarios: