2018/10/08

PLAN ZORAGARRIA, EZTA?

 
 
Hotza, euria, haizea, iluntasuna... konturatu orduko, uda pasa eta bete-betean sartu gara udazkenean! Lasai, uda giroa pasa den arren, neguan ere badago aitzakiarik etxetik irteteko!
 
Urriaren 28an, urteroko hitzordua izango dugu Berangon. Mendiko botak hartu, txubaskeroa ez ahaztu, motxila gogo eta indarrez bete eta erdu XXXVI. Ibilaldi Neurtura!
 
Ohikoa den bezala, nagusien izen ematea 8:15ean izango da, Sei Herrin. Txikiena, ostera, 9:00etan izango da. Nagusien irteera ordu horretan bertan izango da –16 kilometro izango dituzte aurrez aurre–, eta txikiena 9:30ean izango da, 8 kilometroko ibilbidea egiteko –helduok, gogoratu, ez izan alferrak, ibilbide hau ez da zuentzat!–.
 
Partehartzaileek hainbat "kontrol" izango dituzte bidean (Sustatxan, Arenen...), eta bidean ere edateko eta jatekoa eskainiko da. Berangoko mugak zeharkatu eta Sabino Arana kalera bueltatzerakoan, dutxa hartzeko aukera egongo da –izerdia egin eta gero eskertuko duzu, eta zure albokoek ere bai!–.
 
Baina mendi-buelta amaitzerakoan giroa ez da amaituko Berangon. 12:00etatik aurrera bertako elikagaien azoka egongo da Sabino Aranan, eta 13:00etan poteo girotua, Sei Herritik hasita. 12:30ean, umeentzako txalaparta tailerra egongo da Nagusien Etxe alboko plazan.
 
Umeen bazkaria 14:00etan izango da (debalde partehartzaileentzat) eta helduena, ordubete beranduago, frontoian bertan (zazpi euro, txartelak bertan erosiko dira). 15:00etan animaziozko film bat proiektatuko da umeentzat Berangoeta Kultur Etxean, eta eguna biribiltzeko, 17:30ean sari banaketa egingo da frontoian.
 
Eskerrik asko ekimen hau posible egiten duzuen herriko elkarte eta dendari guztiei! Orain eta beti, presoak etxera!