Urriaren 23an... badator Berangoko XXXIV.
Ibilaldi Neurtua, gure herriko jairik handiena, eta orain ere, modernoena!
Irteera 08:15ean izango da Mercadona aurrean, eta hamaiketakoa Unbeko
korredorearen alboan egingo dugu (Lidlen babesarekin). Santa Anako urbanizazio
zoragarriak ikusi eta gero (partzelak oraindik salgai), gure txangoa Decathlon
parean amaituko da. Baina lasai, egitarauak jarraituko du: triki-poteoa
Megaparketik egin, eta herri-bazkaria McAuton bertan egin ahal izango dugu (ez
ahaztu kotxea ekartzea). Ondo etorri IbilALDI Supermerkatu Neurtura!
Gogorra, ezta? Ba zoritxarrez, hori da Berangora
datorkiguna! Grisa berdearen gainetik, porlana belarraren gainetik,
merkatal-gune erraldoiak komertzio txikiaren gainetik. Goazen, tipi-tapa, aurre
egitera!
Lo dagoen herria nahi dute, goazen erakustera
Berango bizi-bizirik dagoela! Eta horretarako lehenengo aukera urriaren 23an
daukazu... Ibilaldi Neurtuaren XXXIV. edizioa!
Ohiturari eutsiz, egun osoko plana izango dugu
gozatzeko, goizean goizetik... gorputzak irauten duen arte! Mendi-buelta,
hamaiketakoa, triki-poteoa, umeentzako tailerrak, herri-bazkaria, bazkaloste
animatua, sariak... eta noski, presoekiko elkartasuna!
Egitaraua goizean goiz hasiko da, eguna aprobetxatu
behar da eta! 08:15ean izango da nagusien izen-ematea Sei Herri tabernan (bai,
lasai, Mercadona ez zaigu heldu oraindik) eta gosaldu ostean, urteera 09:00etan
izango dute. Txikiek, ostera, 09:00etan izena eman eta ordu erdi beranduago
urtengo dira Sei Herritik. Nagusien ibilbidea 16 kilometrokoa izango da, eta
txikiek 8 kilometroko paseotxoa (adi! 40 urte dituzuenok aspaldi utzi zenioten
txiki izateari!).
Mendi-bueltaren ostean, nagusiok triki-poteoa
egingo dugu Sabino Aranako tabernetan zehar, txikiek frontoiko plazan tailerrak
egiten dituzten bitartean. 14:00etan txikiek makarroi goxo-goxoak bazkalduko
dituzte, eta ordubete beranduago (gutxi gora-behera) nagusion txanda helduko
da; indaba goxo-goxoak, herriko sukaldarien eskutik! Bapo bazkaldu ostean,
eguna modurik onenean amaituko dugu: sari-banaketagaz! Baietz zuk aurten
txapela lortu?
Urriaren 23an elkar ikusiko dugu!
No hay comentarios:
Publicar un comentario