2016/10/02

EZ EGIN PLANIK URRIAREN 23RAKO!



Urriaren 23an... badator Berangoko XXXIV. Ibilaldi Neurtua, gure herriko jairik handiena, eta orain ere, modernoena! Irteera 08:15ean izango da Mercadona aurrean, eta hamaiketakoa Unbeko korredorearen alboan egingo dugu (Lidlen babesarekin). Santa Anako urbanizazio zoragarriak ikusi eta gero (partzelak oraindik salgai), gure txangoa Decathlon parean amaituko da. Baina lasai, egitarauak jarraituko du: triki-poteoa Megaparketik egin, eta herri-bazkaria McAuton bertan egin ahal izango dugu (ez ahaztu kotxea ekartzea). Ondo etorri IbilALDI Supermerkatu Neurtura!

Gogorra, ezta? Ba zoritxarrez, hori da Berangora datorkiguna! Grisa berdearen gainetik, porlana belarraren gainetik, merkatal-gune erraldoiak komertzio txikiaren gainetik. Goazen, tipi-tapa, aurre egitera!

Lo dagoen herria nahi dute, goazen erakustera Berango bizi-bizirik dagoela! Eta horretarako lehenengo aukera urriaren 23an daukazu... Ibilaldi Neurtuaren XXXIV. edizioa!

Ohiturari eutsiz, egun osoko plana izango dugu gozatzeko, goizean goizetik... gorputzak irauten duen arte! Mendi-buelta, hamaiketakoa, triki-poteoa, umeentzako tailerrak, herri-bazkaria, bazkaloste animatua, sariak... eta noski, presoekiko elkartasuna!

Egitaraua goizean goiz hasiko da, eguna aprobetxatu behar da eta! 08:15ean izango da nagusien izen-ematea Sei Herri tabernan (bai, lasai, Mercadona ez zaigu heldu oraindik) eta gosaldu ostean, urteera 09:00etan izango dute. Txikiek, ostera, 09:00etan izena eman eta ordu erdi beranduago urtengo dira Sei Herritik. Nagusien ibilbidea 16 kilometrokoa izango da, eta txikiek 8 kilometroko paseotxoa (adi! 40 urte dituzuenok aspaldi utzi zenioten txiki izateari!).

Mendi-bueltaren ostean, nagusiok triki-poteoa egingo dugu Sabino Aranako tabernetan zehar, txikiek frontoiko plazan tailerrak egiten dituzten bitartean. 14:00etan txikiek makarroi goxo-goxoak bazkalduko dituzte, eta ordubete beranduago (gutxi gora-behera) nagusion txanda helduko da; indaba goxo-goxoak, herriko sukaldarien eskutik! Bapo bazkaldu ostean, eguna modurik onenean amaituko dugu: sari-banaketagaz! Baietz zuk aurten txapela lortu?


Urriaren 23an elkar ikusiko dugu!