Udazkenagaz batera, heldu zaigu beste behin ere galdu ezinezko hitzordua Berangora, egutegian gorriz markatu beharrekoa! Abenduaren 1ean ospatuko da aurtengo edizioa, eta urtero legez, gure herriko bazter ederrak ezagutzeko aukera izango dugu, lagunartean giro euskaldun eta jatorraz gozatzen dugun bitartean. Sei Herri Kultur Elkarteak antolatzen duen jaiegun hau aukera paregabea da kirola egiteko, naturaz gozatzeko eta herrikideekin ederto pasatzeko!
Goizean goiz hasiko dira
izen-emateak Sei Herrin. Nagusien kasuan 08:15ean izango da, eta txikiek,
ostera, 09:00etan egin beharko dute. Gogora dezagun, izen-ematea bikoteka egin
behar dela, beraz erdu zure lagunakaz! Nagusien urteera 09:00etan izango da,
eta txikiena, berriz, 09:30ean. Nagusien ibilbideak 16 kilometroko luzera du,
eta txikienak, 8 kilometro. Bidean hiru kontrol pasa beharko dituzte
partehartzaileek, eta hamaiketakoa debalde jan ahal izango dute (freskagarriak,
fruta, gaztaina beroak e.a.). “Juan debalde, goseak hil zan” esaera zaharra ez
da gurean beteko!
Herriko mugetatik ttipi-ttapa mendi-buelta
lasaia egin ostean, triki-poteoa egingo dugu Sabino Arana kaleko tabernetatik,
indarrak ostabere hartzeko eta herria girotzeko. Umeek, gainera, tailerrak
izango dituzte eskura.
Eguerdian, dantzan ari diren
tripazorriei aurre egiteko, herri-bazkariaren txanda helduko da frontoian. Ohi
dan legez, Berangoko sukaldariek prestatutako indaba goxo-goxoak izango ditugu,
entsalada, postre eta abarrekaz. Txartelak zazpi euroko prezioa izango du
nagusientzat, eta debalde txikientzat.
Bapo bazkaldu ostean, kantuka
frontoiko bazterrak alaituko ditugu, eta txikiek pelikula izango dute ikusgai
Berangoeta Kultur Etxean. Eguna borobiltzeko, 18:30ean sari-banaketa izango da,
ea aurten zein bikotek eskuratzen duen txapela!
Baina naturaz gozatzeko eta
ederto pasatzeko eguna izateaz gain, Ibilaldi Neurtua aldarrikapenerako eguna
ere da Berangon. Aurten, ohiko aldarrikapenez gain, Ibilaldi Neurtuak “Libre!” ekimenagaz bat
egingo du, Sei Herri ere herriko tabernen kontrako epaiketa politikoan epaitzen
ari direlako. Beraz, abenduaren 1ean goazen uholde laranja bat sortzera
Berangon, Sei Herri eta gainontzeko auziperatuak ere libre gura ditugulako!
Erdu geugaz!
Erdu geugaz!